Kontsumo taldeak

Baserritarraren eta kontsumitzailearen artean harreman zuzena sortu eta, horren ondorioz, lehenengoak bere produktuak saltzea eta bigarrenak kalitateko jakiak eskuratzea; hauxe da EHNE eta Biolur elkartearen bidez sortutako kontsumo taldeen helburua. Betetzen ari den helburua.
Ezkio-Itsasoko Gorka Sasieta, baratzean lanean. (Gotzon ARANBURU)
Euskal Herrian barrena dauden kontsumo talde guztiek ez dute berdin funtzionatzen. Kasu batzuetan, baserritarrak etxez etxe egiten du banaketa, eta internetez saltzen dutenak ere badira, baina ohikoena da toki eta ordu jakin batean biltzea baserritarra eta bezeroa, honek asteroko poltsa har dezan. EHNEk eta Biolurrek Gipuzkoan martxan jarritako Basherri sareak horrela funtzionatzen du, baina garbi izan behar da kontsumo talde hauek ez direla saldu-erosi operaziora mugatzen; bestelako filosofia dago atzean.

Dagoeneko berrogei taldetik gora ari dira ‘Basherri’ ekimenean. Baserritarren zeregin nagusia barazkiak, frutak, ogia, arrautzak, esnea… ekoiztea da, sasoian sasoiko produktuak. Bezeroarena, hilero kuota bat ordaintzea eta horren truke astero janari poltsa jasotzea. Ez dago bitartekaririk, elkarren arteko harreman zuzena baizik. «Gure etxera lasai asko etorri daitezke bezeroak –dio Ezkio-Itsasoko Gorka Sasietak– baratzean zer egiten ari garen ikustea, eta lanean laguntzea ere bai. Oso inportantea da zer jaten dugun jakitea, nola hazi diren porruak edo kalabazinak. Kasu askotan, hemen izaten ditugun familietako gurasoek badakite nolakoa diren baratzeko lanak, baina seme alabek ez dute inoiz aitzur bat ikusi». Bada horixe da kontsumo taldeek eskaintzen duten aukera: bertako produktuak jatea, nondik iritsi diren mahaira eta nola ekoiztu diren jakinaren gainean.

Kontsumo taldeko kide izateak ohitura aldaketa dakar ezinbestean. Izan ere, hipermerkatuan erostera ohituta gaudenontzat, ez da harritzekoa, esate baterako, negu erdian tomateak aurkitzea dendako apaletan. Baina Euskal Herrian ez da tomaterik hazten neguan, eta urtarrilean ez dituzu topatuko zure baserritarraren poltsan. Bai, ordea, garaiko produktu fresko eta sano askoak.

Beasain da kontsumo talde hauek funtzionatzen duten herrietako bat. Asteartero, arratsaldeko zazpietan, Gorka Sasietak, Jesus Leundak eta Aitor Aranburuk haien furgonetak aparkatzen dituzte pilotalekuaren ondoan. Ordurako zain egoten dira kontsumo taldeko bezeroak eta di-da batean hartzen ditu bakoitzak aste osorako jakiak. Bezero horien artean dago, esaterako, Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruiz sukaldari ezaguna. Barazkiez gain, sagardoa, sagar zukuak, babarrunak, intxaurrak, jogurtak, arraultzak, gazta… banatzen dute hiru baserritarrok.

Zumarraga eta Urretxun ere badago kontsumo taldea, Altxaporru izenekoa, eta hemen astelehenetan egiten da banaketa. Barazki otarra 10 euro ordaintzen da, baina handiagoa nahi izanez gero 15 eurokoa jasotzeko aukera ere badago, diosku Altxaporruko kide batek. Taldean erabakitzen da otarren osaketa eta berdinak dira taldekide guztientzat. Ordainketa hilero egiten da, eta kuota 43,5 eurokoa da –bataz besteko kontua aterata, hilabete batzuetan bost banaketa egiten baitira– otar txikiaren kasuan, eta otar handiaren kasuan 65 eurokoa. Hasierako proba epea bi hilabetekoa da, eta jarraituz gero urtebeteko konpromisoa hartzen du bezeroak.

Goraka doan mugimendua da kontsumo taldeena. Gipuzkoan ezin dituzte eskaera guztiak ase, baserritarrak falta baitira. Horregatik, ekoizle gehiagoren bila ari da EHNE herriz herri. Gorka Sasietak esan digunez, «industriak eta Abiadura Handiko Trenak lur asko kendu badigu ere, oraindik badaude lursailak Gipuzkoan. Haziak eta lanerako gogoa besterik ez dira behar. Jakina, baratzea ondo planifikatu beharra dago, soberakinik egon ez dadin eta bezeroari kale ez egiteko». Merkataritza duina eta baserriaren garapen iraunkorra sustatzeko tresna dira, beraz, kontsumo talde hauek. Badago lanik: EHNEren datuen arabera, Euskal Herrian kontsumitzen diren hamar barazkitik bederatzi kanpotik ekarritakoak dira.

No hay comentarios: