Elikadura Burujabetza Eraikitzen, Agroekologia Dastatzen

MUGARIK GABEKO ALBAITARIAK, ELKARSAREA ETA ELKARTRUKE ERAKUNDEAK:
Elikadura burujabetzaren aldeko “Hamaiketako agroekologiko”ra gonbidatzen zaituzte, ekainaren 9an, larunbatean, Tolosako Triangulo Plazan.

Ekitaldi honetan, tokiko eta modu iraunkorrean landutako elikagaiak dastatu eta partekatuko ditugu. Bestelako aukerak ere badaudela erakutsi nahi dizugu, eta posible dela toki eta mundu mailan justizia eta biztanleriaren ongizatea sustatuz ekoiztea eta gure burua elikatzea.

Nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza tradizionala, elikadura osasungarriaren oinarria ez ezik, lan eta diru sarrera iturri ere izan dira mendetan zehar landa-eremuko familientzat, gure kultura eta tradizioen oinarria finkatuz, emakumeen papera bultzatuz eta naturarekin harreman orekatuari eutsiz. Tamalez, ekoizteko eta gure burua elikatzeko modu hau desagertzeko arrisku larrian dago.


Indargabe ikusten ari gara nola ari diren desagertzen baserriak, nola ari diren ixten denda txikiak eta andeatzen gure herriak, horien ingurune naturala, nola ari den ahazten gure kultura. Egunero, munduko beste leku batzuetako pertsona gosetien milaka irudi ikusten ditugu, pobrezia, bidegabekeria eta desberdintasunaren irudiak, klima-aldaketa eta ingurumen-kutsadurarenak. Baina zer ari da gertatzen benetan? Egin dezakegu ezer saihesteko?

Gertatzen ari dena oso erraza da, merkatuen diktadurapean bizi gara, nekazaritzako negozio enpresa handien mende, beren interes ekonomikoak tokiko eta munduko edozein lekutako biztanleriaren ongizatearen gainetik jarrita, euren berehalako diru-sarrerak baino ez gogoan, etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartu barik.

Munduan, mila milioi lagunek baino gehiagok jasaten dute gosetea eta desnutrizioa, eta horietako %70 nekazariak dira; hori ez da gertatzen elikagai edo teknologia ezagatik, baizik eta nazioarteko merkataritzako arauen ondorioz, burtsako elikadura espekulazioagatik eta enpresa transnazionalen botere pilaketagatik. Arrazoi hauek dira gure landa-eremua hondatzen dutenak, gure baserriak kinka larrian jartzen dituztenak eta etxeetara gure osasuna arriskuan jartzen duten elikagaiak eramaten dituztenak.

Egoera hau aldatzeko, gure papera funtsezkoa da. Kontsumitzeko eta jendartean parte hartzeko gure moduak ahalbidetzen du sistema hau betikotzea eta sendotzea.

Elikadura Burujabetzak defendatzen du pertsonok, herriak, izatea erabakiko dugunak zer jan nahi dugun eta nola antolatuko dugun gure burua hori ekoiztu, landu eta banatzeko. Modu honetan baino ezingo dugu pertsona guztientzako elikadura osasungarrirako eskubiderantz aurrera egin, agroekologikoki ekoizturiko elikagaien bidez, nekazarien duintasuna errespetatuta, gizonezkoena zein emakumezkoena, eta nekazaritzako eremuak hemen edo munduko edozein tokitan suspertuta

Zuk gauza asko egin ditzakezu.


Informa zaitez, zer gertatzen den eta zer bestelako aukera dauden ezagutzea lehen urratsa da gauzak aldatu ahal izateko.

Aldatu zure kontsumo-azturak. Ekidin azalera handiak eta gure mahaira heltzeko milaka kilometro egin dituzten jakiak. Erosi sasoiko elikagaiak, tokiko azoketan edo hurbileko baserrietan, ingurumena eta euskal tradizioak errespetatzen dituztenetan.

Eskatu agintariei eta herri administrazioei egungo nekazaritzako elikadura eredua aldatzeko konpromisoa hartzeko, uzteko enpresa gutxi batzuen interesak babesteari eta hasteko biztanleria osoarentzat pentsaturiko bestelako aukerak sustatzen, toki eta mundu mailan. Modu ugari daude hori egiteko, eta hamaiketako honen erako ekimenei laguntzea horietako bat da.

Antolatzaileak:







No hay comentarios: