EMAKUMEA ELIKADURA BURUJABETZA ERAIKUNTZAREN ARDATZ

Joan den larunbatean Elkar Sareak antolatutako ekitaldiaren kronika izan liteke hau. "Elikadura Subiranotasuna Genero Ikuspegitik" izan genuen mintzagai. EHNE Bizkaiaren Baserri Bizia aldizkari digitalean argitaratu da dagoeneko.

Emakumeak Elikadura Burujabetzaren eraikitzean duen garrantzia, aurkitzen dituen zailtasunak eta azaltzen zaizkion gabezietaz hitzegitea helburu nagusitzat hartuta elkartu ginen pasa den martxoaren 26an Kristinaenea Fundazioan Elkar Sareako kideak, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako hainbat emakume eta zenbait gizonezkoekin. Esperientziak elkarbanatzeko horretan, Euskal Herriko emakume baserritar gazteak izan genituen mintzakide, beren itxaropen, zailtasun, ilusio eta trabak adierazten.

Faltan bota genituen ordea, Iparraldeko ordezkariak, haiek beren lanen estutasunean, ez bait izan zuten bertan egoterik izan. Faltan bota genituen ere, bertaratu ginenen hitzetan, gure baserritar “amonak”, herri jakituriaren zaindari, eta baita gure arrantzaleekiko aipamenak, Elikadura Burujabetzaren eraikitzean ahaztezinak, baina tamalez, ahaztuak.

Elikadura Burujabetzaren arerio nagusitzat sistema kapitalista identifikatu genuen, Esther Vivasen laguntzaz, bere hatzapar harrapalarien baitan sentitzen garelarik. Murgilduak gauden eredu honek ezartzen dizkigun ohiturak gure “erabakitze eskubidearen” murrizketa orokorra besterik ez duela suposatzen eratorri genuen, eta nahiz eta aldaketa posible baten aurrean itxaropentsu azaldu, gure erraietara bueltatzeko beharra eta galtzear dagoen herri jakituria berreskuratzea izan genituen ondorio.

Bazkaltzeko osteratxo bat hartu ondoren, emakumearen prekarietate orokorrarekin heldu genion arratsalderi. Barneratua dugun krisialdi global honek, krisialdi ekonomiko, ekologiko, soziala eta oro har, bizitzeko krisialdi honek, emakumea gogor kolpatzen du. Gizonezkoek eraikitako botere menperatzaile honetan, emakumea beti beren baitan, berezkotzat ezarri zaizkion rolak betetzen, batez ere zaintza eta etxeko lanekin lotzen diren lanak, eta gainera, denboraren poderioz, berdintasun eskubideen lorpenari erantzunez, indarkeriz beteriko lan mundu batean gizonezkoen rolak ere betetzera behartua da, behin eta berriz bere balioa frogatzera behartua. Emakumeok belaunaldiz belaunaldi maitasun guztiarekin jaso eta elkarbanatu dugun herri jakituria hori galtzera eraman gaitu egoera honek. Gure arbasoen ohiturak mespretxatu eta sistemak emanak ekartzen dizkigun ohiturak barneratuz. Gaur, inoiz baino zapalduago sentitzen gara, emakume basarritarrak oraindik orain ez dugulako gure lanaren errekonozimendurik jaso eta gainera desagertze arriskuan gaudelako, eta mundu moderno honetako gainontzeko emakumeok gure “erabakitzeko eskubidea” guztiz galdu dugulako garapenaren izenean. Elikadura Burujabetzaren galtzea honen islada zati bat besterik ez da baina, oso zati garrantzitsua, gure ama, amona eta birramonen jakituria eta praktikekiko haustura suposatu duelako.

Gu, ordea, itxaropentsu berriro ere, Elikadura Burujabetza eraikitzeko bidean alternatiba eta proposamen berrien ahots. Euskal Herrian zehar eraiki diren eta etengabe hazten ari diren alternatibei ere eutsi diegu, nolabait ama lurrari zor diogun duintasuna berreskuratzeko asmoz

No hay comentarios: